XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) lagun bitxi eta interesgarriak ezagutzeko aukera izan nuen.

Restaurante Santa Maria zeukan izena leku hark.

Sarrerako jezarleku zabalen alboan gizon batzuk zeuden, egonean, gerritik gora biluzik.

Jabeaz galdetu nuen eta barruan zegoela esan zidaten.

Sartu egin nintzen eta barraren atzean on itxurako gizon handi bat ikusi nuen.

Jatekoa bazegoela eta leku hura ostatua ez izan arren lorategiko etxola baten lo egin nezakeela esan zidan.

Han gustura egongo nintzela sumatu nuen.

Mahai baten aurrean jezarri nintzen litroko kokakola baten aurrean.

Handik gutxira kanpoko gizonetariko bat sartu zen.

Bibotea, azal zuria eta begi urdinak zeuzkan.

Alde batetik bestera mugitzen zen, marmarrean, eta noizean behin mahai baten zeukan cachaça botilatik zurrutada bat edaten zuen.

Hasieran mozkorti arrunt baten itxura hartu nion, baina gero oker nengoela konturatuko nintzen.

Apurka-apurka berriketan hasi ginen.

Bera Sao Paulokoa zen, baina bere ama Portugaldik Brasilera joanda zegoen.

Pixkanaka, konfiantza hartu ahala, gehiago eta sakonago hitz egiten hasi ginen.

Edanda zegoen arren, bazekien zer zioen, eta intelektual kutsua nabaritzen zitzaion.

Askotan aipatzen zituen idazleak, filosofoak, eta euron esaldi famatuak.

Familia aberatsekoa ei zen, arreba Sao Paulon zeukan eta anaia Mercedes etxeko gerentea zen Araracuara-n, baina berak, arazo batzuengatik, Porto Velhora alde egin behar izan zuen eta lanbidez mozkortia zen, bere hitzetan.

Itamar, hala baitzeukan izena, ibilita zegoen meategi ugaritan urre bila, bera bezalako garimpeiro porrokatu bati zegokion bezala, eta aldi on eta txarrak nozitutakoa zen.

Nik ezagutu nuenean bolada txar batetik pasatzen ari zen, (...)